Páginas

martes, 10 de enero de 2012

Muxuka baina egurra ateratzen duten pailazoak

Joxe Mari Agirretxe, Porrotx pailazo lasartearra, izan da bisitan Multimedia Komunikazioa Masterrean. Mundura ez garela etorri sufritzera eta barrez jarri digu hitzaldiaren hasieratik sarrera bezala bere ikuskizunaren zati bat eginez. 

Euren ibilbide artistikoaren hasieratik euskara eta alaitasuna zituzten helburu pailazoek. Herrian eta herrigintzatik atera zirela dio Agirretxek eta orain profesionalak diren arren, ez dutela nahi lotura hori galdu. Haurrentzat eredu bihurtu zirenean gai sozialagoak lantzen hasi zirela kontatu digu eta errealitateko albisteetatik abestiak sortzeari ekin ziotela.

Gauzak horrela, hainbat elkartekin ari dira gaur egun lanean eta gai askoren inguruan abestu eta dantzatu dute; amatasuna, integrazioa, gurasoen banaketa, gaixotasunak...Elkarte horien artean daude, Aspanova (Minbizia duten haurren elkartea), Gehitu (Gay eta Lesbiana elkartea), etorkinenak... 

Gainera, euskal munduko artista askorekin kolaboratu dute: Jon Maia eta Unai Iturriaga bertsolariak, Aiora Renteria eta Aitor Gorosabel abeslariak...Ia 100 artistek parte hartu dute "Pirritx, Porrotx eta Marimototx & Bonberenea txaranga" azken diskoan.


Irrien Lagunak Klubaren baitan proiektu asko dituzte martxan. Klub hau bost zutabetan oinarritu dute: osasuna, natura, zientzia, kultura eta elkartasuna eta balore horiek irudikatzen dituzten pertsonaia bana sortu dute. Haien inguruan produktu transmedia oso bat eratu dute aldizkaria, web orria, sare sozialak, jai guneak, Zerainen aterpetxea, elkartasun elkartea, liburuak... Merchandacinga ere badute markaren barruan izan ere, irabazi asmorik gabeko elkartea izan arren, defizitarioa ez izateko finantziazioa lortzea zaila dela aitortu du Agirretxek.

Ilusioz eta elkarlanean proiektu asko lortu daitezkeela eta bere positibismoaz kutsatu digu."Maitasunez egindakoa maitasunez iristen da", Porrotx dixit.




No hay comentarios:

Publicar un comentario