Páginas

jueves, 29 de diciembre de 2011

Menderakaitzak

Sormen Irratia ikasgairako produktu transmedia bat ari gara lantzen. Horretarako, Kukuxumuxuk atera berri duen Menderakaitzak kamisetan oinarritu gara. Bertan, Euskal Herriko historiako 44 emakume bildu dituzte. Hau ez da, ordea, produktu bukatu bat eta zure laguntza behar dugu istorioa amaitzeko.

Gure protagonistak, Maddik, bidaia berezi bat egingo du denboran zehar eta aurretik aipatutako emakume horietako batzuk ezagutuko ditu. Haiei buruz ezer gutxi daki, beraien izen abizenak eskuliburuetan agertzen ez direlako. Ziurrenik zuk ere ez dituzu ezagutuko. Jakin badakigu asko eta asko falta direla. Nork egon beharko luke? Zergatik?AnimaInformazio gehiagoz eta egin zure ekarpena gure istorioa borobiltzeko, ezinbestekoa dugu-eta!
Menderakaitzak facebooken
Informazio gehiago







 

martes, 27 de diciembre de 2011

Armiarmak euskararen sare birtualari buruz




Atsegin dut armiarma sareen estetika batez ere goizaldean, ihintzaz estalirik daudenean. Gero eta handiagoak orduan eta ikusgarriagoak. Euskararen marasma birtualean ere badira harremanak ehuntzen dituzten armiama indartsuak eta euskara ikusgarri egiten dutenak internetako sare erraldoietan. Haietako batzuk, Luistxo Fenandez (sustatu.com), Ander Arbelaitz (argia.com), Hasier Etxebarria (zuzeu.com), Idurre Eskisabel (berria.info) Maite Goñi (euskaljakintza.com) eta Lontzo Sainz (eitb.com) , hizketan aritu zaizkigu "Euskararen komunitate birtualak: nola ehundu harreman sareak" mahainguruan.



Hauetako “armiarma” bakoitzak komunitate bat kudeatzen du, balizko euskararen komunitate birtuala izango litzatekeen sare handiagoa baten baitan. Balizkoa diot, interneten komunitate kontzeptua definitzen zailtasunak izan zituztelako bertan bildutakoek. Dena den, niri iritziz,  euskara erabiltzen duen internauta bakoitzak ehuntzen du sarea eta hori izan zen jardunaldian nagusitu zen ideietako bat; hau da, hizlari eta erabiltzaileengan zegoela ardura. Izan ere, Fernandezek eta Sainzek bat egin zuten internet tresna besterik ez dela eta hizlarien esku dagoela erabilpena adieraztean.

Ikuspegi baikorra izan zuen oro har mahainguruak eta Goñik eta Arbelaitzek euskararentzat momentu  aproposa zela azpimarratu zuten. Arbelaitzen iritziz, hizkuntza zaharkituaren zama kentzen ari da eta hori baieztatzen duen datuak eman zituen. "Munduan 6.000 hizkuntza ingurua daude, eta wikipedian sarrera gehien dituzten hizkuntzen sailakapenean euskara 43, hizkuntza da", esan zuen Argiako Kazetariak. 

Goñik  erronka honen aurrean prestatuta gaudela gaineratu zuen. Izan ere, gakoa euskarazko edukiak sortzean jarri zuen, web 2.0 oinarritutako filosofian edonor da informazioaren ekoizle eta horiek ekoizteak gainera erabiltzaileei nortasun digital bat eraikitzen laguntzen du Goñirez iritziz. Aritu, erabili baina batez ere soinua atera dira arrakasta izateko gakoak, baita hizkuntza gutxitu baten kasuan ere.



Dena den, izan ziren, jardunaldiei tonu ezkorragoa eman zioten gaiak ere, batez ere alor ekonomikoaren ingurukoak.  Izan ere, Fernandezek eta Eskisabelek bat egin zuten diru-kontuen zailtasunak aipatzean. "Euskarak ez dauka helburu komertzialik interneten”, esan zuen Fernandezek eta Eskisabelek kontsumitzaile birtualen eskasia gaineratu zuen. 

Alde batetik, etengabe formula berriak probatzearen garrantzia azpimarratu zuten internauta berriak eurenganatzeko baina bestetik diru laguntzen garrantzia aldarrikatu zuten eta puntu horretan parte hartzaile guztiak instituzio publikoei ardurak hartzeko eskatu zieten. Dena den, mozketen testuinguru honetan, oso ilun ikusten zuten denek ere epe laburrera etorkizuna.

Izan ere garrantzitsua da harremanak ehuntzen jarraitzeko baliabideak izatea gure armiarma intsektuak jan ez ditzaten, azken batean hauek gabe Internet bihurtu den marasma erraldoi honek euskararen komunitatea irentsi dezakelako.

lunes, 19 de diciembre de 2011

Umorea euskaraz eta interneten; etorkizuneko erronka

Gai serioak vs gai arinak unibertso euskaldunean


Umorezko generoa ez da bereziki euskaldunok sarean landu dugun zerbait. Internet euskaraz kontsumitzea nahi badugu, alor guztietako euskarazko edukiak topatzeko aukera izan beharko genuke. Sarean murgiltzean ordea, berehala konturatuko gara euskaraz irakur dezakegun gehiena informazio edukiei buruzkoa dela eta umorea jorratzen duten gaiak ez direla ugariak.

Alabaina, zorionez, baditugu umorean euskara jorratzen duten adibide batzuk. Zaldieroak (@zaldieroa), esaterako, Twitterren zeresan asko ematen du eta ez dira gutxi haren inguruan egiten diren aipamenak baina ez da berez hedabide multimediarako sortutako zerbait, papererako baizik. Gauza bera gertatzen da Argiarekin. Argiak badu bere web atarian umorezko gunea, baina bertan aurkitzen diren eduki gehienak aldizkarikoak dira. Dena den, salbuespen bat ere bada tartean; interneterako propio pentsatutako “Beraduegi” saioa.



“Beranduegi” Gorka Bereziartua eta Unai Brea kazetariek egindako telebista programa da. Bertan azken egunetako aktualitatearen errepaso bat egiten dute begirada zorrotzez eta umorea erabiliz.
Sustatu edo Zuzeu (zuzeu.com) bezalako atariek, berriz, ez dute umorea deituriko txokorik, etiketa bat besterik ez da euren atarietan. Hala ere, adibide politak aurkitu ditut kuxkuxuean nenbilela ZuZeun, adibidez, Kakaume argitaratzen da astero.



Horrez gain, EITBko umorezko saioek ere aipatu behar ditugu, izan ere, Euskarri Irratiko Oilategiak eta EITBko Wazemank/Finaldiako Bandak badute interneten garapena Facebooken bitartez.


Baina salbuespenak salbuespen esan dezakegu hedabideek oro har ez dutela umorean inbertitu. Ez behintzat sarearentzat bereziki egindako umorean. Lehen egiten dutena interneten zintzilikatzera mugatu dira eta ez dituzte formula berriak probatu.

Horregatik, gaur egun, eduki aldetik gai arinak falta dira unibertso digitalean.  Arlo guztietako edukiak euskaraz aurkitu ahal izateko, norabide horretatik jo behar dugu. Eskaintza handitu behar da eta eskaintzak erakargarria izan behar du. Horretarako noski edukiak egin behar dira eta euskarazko sorkuntza landu eta sustatu ere egin behar da.

Gainera, ez nuke amaitu nahi post hau umorea eta bere testuinguruaz hitz egin gabe. Izan ere, umoreak ere badu bere testuingurua eta euskaldunok sarean egiten duguna aztertuta, gurea oso grazia euskalduna eta kritikoa dela esan dezakegu. Bestela, eman begirada bat atari honi  http://eu.umap.eu/umorea/

 

Kausa-ondorio harremana: Sare sozialetan euskara sustatu, gazteen artean erabilera bermatzeko

Badira mila arrazoi sare sozialek euskarari egin diezaioketen ekarpena handia dela pentsatzeko.  Komunikazioak dimentsio berri bat hartu du sare sozialiei esker eta fenomeno berria izan arren, indarrez sartu dira gure bizitzetan. Beraz, garrantzitsua da euskarak bere lekua izatea panorama berri honetan eta horren bidez, euskaldunok  mundu zabalera edukiak zabaltzeko hizkuntza bihurtzea.

Horrez gain, bada beste arrazoi bat euskara sare sozialetan sustatzeko; kausa- ondorio harreman logikoa. Eusko Jaurlartizak argitaratutako "Euskara Hedabideetan" txostenaren arabera, gazteak dira lehenetsi beharreko adin taldea. Gainera, Euskal Herriko testuinguru soziolinguistikoa kontuan hartzen badugu, berehala ohartuko gara eurengan hazi dela elebitasuna gehien.  Adin talde honek sare sozialak erabat integratuta ditu bere egunerokoan eta hauetan euskararen erabilera gailenduko balitz, lorpen handia litzateke hizkuntzarentzat. Izan ere, ezin dugu ahaztu gazteak direla etorkizuna, baita hizkuntza batena ere. 


Dena den, puntu honetan ere ohiko komunikazioko patroi berberak errepikatzen dira. Nerabeek sare sozialetan ditzuten praktika linguistikoak aztertu dituzte esperientzia baten bidez, Soziolinguistika Klusterra eta Kultur Kabia-Topaguneak  eta emaitzak txosten batean dituzte: "Interneteko sare sozialak eta euskara txostena". Ondorio nagusietako bat da herrian eta etxean euskararen presentzia esanguratsurik ez duten nerabeek sare sozialetan euskara era sinbolikoan bakarrik erabiltzen dutela; agurrak idatzi, eskerrak eman… Gainera euskara batuan eta laburdurarik gabe egiten dute, eta hori ez da oso erosoa bat-bateko mezuetan. Testuinguru euskaldun batean bizi eta egunerokoan euskara erabiltzen dutenen artean, berriz, SMS idazkera gailentzen da baita euskaraz ere.





Era berean, garrantzitsua iruditzen zait euskal komunitatearentzat euskaraz izatea  teknologiak eskaintzen dituen tresnak; nabigatzaileak, office… Eskoletan aplikazioak euskaraz konfiguratuta badaude, errazagoa izango da gazteek euren etxeetan ere gauza bera egitea. Sare sozialetan gainera badira erabiltzaileei esker egindako lorpenak: Tuenti eta Facebook euskaratzea. Twitterrek ere gauza bera egin dezan martxan da kanpaina bat. Ekimen hori babesteko #basquetwitter hashtaga erabil dezakete tuiteroek.

Hizkuntza gutxitu batentzat erronka handia da unibertso digitalean komunitate indartsu bat sortzea baina gazteen artean erabilera bermatzen bada, arrakasta izango dugu mundu erreal zein birtualean.





viernes, 16 de diciembre de 2011

Uztarria.com: Azpeitiako agora digitala eta euskararen normalkuntzarako tresna interneten

Azpeitian hamarretik bederatzi herritar elebidunak dira. Kopuru garrantzitsua da ezbairik gabe eta esan dezakegu euskara indartsua dela herrian. Hala ere, ezin dezakegu ahaztu Uztarria ez balitz azpeitiarrek ez luketela herrian gertatzen denaren berri euskaraz jasotzeko aukerarik izango.

Uztarriak bi euskarritan plazaratzen ditu bere edukiak. Alde batetik, 1999ko azaroaz geroztik, hilabetero ateratzen du aldizkaria paperean eta bestetik, 2002aren hasieran martxan jarritako web ataria du.



Uztarria.com atarian jarriko dut arreta euskarazko komunikabide digital eta multimediak aztertzen ari garelako. Web atari honek herritarrrei zerbitzu osoa eman nahi die eta horretarako edukiak bi zutabetan oinarritzen ditu: informazioa eta iritzia.


Informazioari dagokionez, albisteez gain beste hainbat gauzaz ere informatzen du: agenda, komertzio gida, farmaziak...Gainera herriko gainerako eragileekin elkarlanean dago eta hauentzat ere plataforma bat da. Guzti hau euskara hutsean egiten du eta horri esker irakurleak ez du beste hizkuntza batera pasatu beharrik informazioa topatu nahi duenean.

Iritziari dagokionez, Uztarria iritzia plazaratzeko ohikoa bihurtu dela esan dezakegu herriko eztabaidetan. Herrian polemika gehien sortzen duten albisteek iruzkin asko izaten dituzte sarean. Beraz, uztarria.com Azpeitiako beste plaza bat bihurtu da unibertso digitalean eta bere gertutasunak irakurleak eruren iritziak ematera bultzatzen ditu okindegian ala tabernan baleude bezala.

Gainera, herritar askok parte hartzea bermatuta dago hedabidearen blog komunitate indartsuaren bidez. Pertsonalak zein taldekoak izan daitezke blogak. Taldeei dagokionez elkarteak dira eurak kudeatzen dituztenak gehienetan: Gaztetxea, Xanjuandegiko auzo elkartea...



Horrez gain, online dagoen "agora" moduan funtzionatzen duela egiaztatzen duen iragarkien txokoa ere aipatu behar dugu. Bertan herritarrek arlo ezberdinetako kontuak komunikatzen dituzte: lana eskeintzen dutela, kotxea partekatu nahi dutela, diru-zorroa galdu zaiela...

Izan ere, herritarre parte hartzea da uztarri.com-ek saretik gehien aprobetxatu duen baliabidea. Interneteko produktuek berezkoak dituzten gainerako baliabideak; multimediatasuna edota hipertestua ez ditu gehiegi erabiltzen. Horrez gain, ez dago guztiz errotuta sare sozialetan. Hala ere, badu horma Facebooken eta baita perfila ere Twitterren. Hedabideak gainera, webgunean pisu gehiago jarri eta 2011ko dituen asmoei begira "duela zortzi urte sortutako ataria berritzeko garaia" dela aitortzen du.



Eduki guztietan euskara batua erabiltzen dute. Euskara jatorra da, hiztegi zabalekoa, zuzena eta zahar eta gazte guztiek ulertzeko modukoa. Idazteko formari dagokionez interneti dagokion edukien eskakizunak betetzen ditu :
  • - Testu ez oso luzeak.
  • - Esaldi motzak.
  • - Izenburu deigarriak.

Hauek dira erabilitako ezaugarri nagusiak baina badira beste batzuk ere. Elkarrizketetan esaterako, gertutasuna transmititzeko oso ohikoa da hitanoa.

Horrez gain, bada hizkuntzari buruz aipatu nahi nukeen beste puntu bat. Azpeitiarrek badute oso eurena den hizkera mota bat. Uztarriak hizkera hori erabiltzen du bere izenburuan “Azpeitiko ataye” eta baita datan ere “2011ko abenduek 11, jaiye”. Horrek gertutasuna eta naturaltasuna ematen dio hedabideari. Aipatutako hizkera da, bestalde, irakurle gehienek euren iritzia ematerako orduan erabiltzen dutena. Aurretik esandakoa areagotzen du honek, herritarrek euren usteak plazaratzean aurrez aurre hitz egiten baleude bezala idazten dute. Dena den, Uztarriako kideek irakurle hauekin feed back-a egiten badute euskara batuan egiten dute.


Uztarria.com atariak, beraz, azpeitiarrei prentsa euskalduna kontsumitzeko aukera ematen die modu naturalean, gertutasuna ardatz eta maiztasun batekin. Kontsumitu ez ezik, parte hartzeko aukera ere ematen die unibertso digitalean Azpeitiako plaza bihurtuz, Hau guztia, Maialen Lujanbioren hitzak aprobetxatuz "euskaratik eta euskaraz".

 

martes, 13 de diciembre de 2011

Negua






One year more, one winter more



Neguak badu bere baitan kontraesana,
egun eguzkitsutan aurpegi atsegina erakutsi
eta bere epeltasunak barrua goxatzen digu, 
badu beste aurpegi bat ,ordea, hotza eta krudela.
Urteko azken egunak ere horrelakoak dira,
jendetsuak eta alaiak baina baita tristeak eta bakardadez beteak ere
Orduan itzultzen dira gure amestgaizto handienak 
eta egun bakoitzak pisatzen dizunean,
urte bat gehiago asko da eta negu bat gehiago, gehiegi.



 

lunes, 28 de noviembre de 2011

Programazioa, bere sekretuak eta telebistaren etorkizuneko erronkak

EITBko egoitzan egon gara MKMko ikasleak programazioaren mundu konplexuaren inguruan hizketan Joselu Blanco EITBko programa eta programazio arduradunarekin.

Programatzailea gure gidaria da telebista pizten dugun bakoitzean. Izan ere, ikusleak kanala alda ez dezan zenbait teknika gogoangarri erabiltzen dituzte. Urko Aristi edota Ana Urrutiak esaterako, teleberriaren ondoren botako duten saioa iragartzen dute eguraldiaren iragarpena egin eta gero...


Magoak ez ezik ,datuak maneiatzeko artistak ere badira programatzaileak. EITB egunero dago airean eta gizon hau eta bere taldea beti daude audientziari begira. Egunero aurreko 24 ordutako datuak dituzte esku artean. Iragarkietara besteak baino beranduago sartzeak ala prime timean akatsak egiteak izugarrizko diru galerak ekarri ditzake publizitate inbertsioak direla medio.

Dena den, panorama zeharo aldatu da eta gehiago aldatuko da hurrengo urteetan interneten presentzia gero eta handiagoa izango delako telebistan. Programatzailea lehen gure gidaria bazen ere eredu berriarekin bere lekua kolokan jarri da eta bere ordez, "prenskiptorea" delakoa gailenduko da, hau da, guk aukeraketa egin aurretik gure gustuen arabera zein den produktu egokia eta zein ez aurreaukeratuko duena.

Behean zerrendatuko ditut Blancok esandako ideia batzuek, agian EITBren programazioa ulertzen lagunduko digute.


- Abendutik urtarrilera kontsumitzen da telebista gehien. Horregatik EITBk bertan sartzen du programazio pisutsuena. Pentsatzen dut Mr Beanen Gabonetako kapituluak ez direla saku hortan sartuko.

-Asteko datuak begiratuta: igandeak dira kostsumo handien duten egunak.

-Ordutegiei dagokionez, baskaloztea eta gaua dira indartsuenak.

- Publikoaren beherakada azaltzeko estrapolazioa eman du arrazoitzat. 2000.urtean 6 katek zuten telebistaren audientziaren %98a. 2005an bi kate berri sortu ziren eta TDTarenkin eta kable bidezko telebistarekin 200 baino gehiago dira. Tarta gero eta zati gehiagotan banatu behar da eta horregatik kate txiki asko desagertzen ari dira.

- Adin taldeari dagokionez, adin nagusien artean gustukoena T5 da eta 65 baino gehiago dituztenen artean RTVE. EITBk berriz, haurrengan jarri du begia. ETB3k haurren artean liderra izatea nahi du. Izan ere, hiru onura ditu; alde batetik euskara zabaldu, bestetik merkea da umeentzat kate bat egitea eta azkenik, anuntzianteak lortzea errazagoa da. Orain gainera gabonetan...

-Escepeticos saioaren fenomenoak telebista ikusteko orduan gertatzen ari diren ohitura aldaketak ongi ilustratzen ditu. Prime timean aurkeztu bazen ere ezin izan dute bertan mantendu bere audientzia %5,%6 eta %7koa izan delako interneten, ordea, izugarrizko arrakasta izan du. Aurretik duela zenbait denboraldi berdina gertatu zen Heroes telesailarekin, harek ere hobeto funtzionatu zuen sarean.

-Telebistan gero eta fikzio gutxiago gareztia da eta egitea. Horregatik Salvame bezelako programak. Eskerrak gurean Goenkalek hain ondo funtzionatzen duen…

-Internet dela eta joera berri bat, norberaren kontsumo pertsonaletik telebista esperientzia pertsonala izatera pasatu da , hau da, etxean ikusten ari zarena lagunekin... komentatzeko joera gero eta handiagoa da. Gainera etxean ez ezik, edonon kontsumitu dezakegu tablet, mugikor... bidez

Benetan garai aldakorrak datoz teknolgia berrien inpaktua dela eta, etorkizuneko plan handirik ezin da egin baina ahal den toki gehientan egon behar da gailentzen den joeran ere izateko.

 

jueves, 24 de noviembre de 2011

Irudi polemikoak

Gaurkoan, eduki sexualak dituen iragarki bat aukeratu dut aztertzeko. Frantziako Ez Erretzaileen eskubideen alde egiten duten talde batek egin zuen kanpaina 2010ean. Bertan, tabakismoa eta esklabutza sexuala parekatzen ziren, honakoa zen lortu nahi zuten mezua: "erretzen baduzu, tabakoaren esklabu zara" izan zen.

Horrez gain, badu lotura semantiko bat, honakoa jartzen du irudiaren azpian "hau da tabako konpainiei plazerra eragiten diena; zuk errertzen jarraitzea.

Hautsak harrotu zituen iragarkiak, izan ere espazio publikoan erakutsi zen hau da kalean, tabernetan...eta ez zitzaien gizarteko talde guztiei gustatu. Kontserbadoreei esaterako eta familiaren aldeko taldeek irudia esplizitoegia dela diote eta sexua modu gratuitoan erabiltzen duela. Talde feministek aldiz, sexu praktika natural bat tabakismoarekin lotzea gaitzetsi dute.

Kanpainaren arduradunek euren burua babestu nahi izan dute euren helburua gazteei iristea zela eta horregatik aukeratu dutela tematika azalduz. Dena den argudio honek ez du inor konbentzitu, izan ere, Frantziako tabakismoaren aurkako erakunde publikoak kanpaina honekin helduengan inpaktu handiagoa eduki dutela gazteengan baino erantzun dute.

 

miércoles, 23 de noviembre de 2011

Obra bat babesteko aukera ezberdinak

Egileen eskubideen inguruko lan bat da honakoa. Bertan, obra bat babesteko egileak dituen aukera ezberdinak aztertzen dira bakoitza bere abantaila eta desabantailekin.Horrez gain, gai honen inguruan legislazioa nola dagoen azaltzen da eta lan honen egileak nola arautuko luketen.Presentacinestetica
 

viernes, 18 de noviembre de 2011

Instagram aplikazioa

Sarrera honetan Iphonerako den Instagram aplikazioa azalduko dut. Irudiak editatzeko programa honekin modu errazean aldatu daitezke argazkiak baita zure lagunekin sare sozialetan partekatu ere. Aurkezpena egiteko Prezi programa erabili dut informazioa modu argi eta erakargarrian ematea ahalbidetzen duelako.

martes, 1 de noviembre de 2011

Web 2.0: jarrera kontua


Erabiltzaileen partehartzean eta informazio trukaketan oinarritzen diren Interneteko web zerbitzuei deitzen diegu web 2.0. Lehenengo erreferentziak 2004 urtekoak dira, Tim O´Reilly irlandarrak eta bere lan-taldeak kontzeptua aurkeztu zutenekoak.

WEB 2.0k Internet hankaz gora jarri du, izugarrizko iraultza ekarriz. Mezu igorle eta hartzaile tradizionalak desagertu dira; sarean komunikazioa aldebakarrekoa izatetik, aldeaniztuna izatera pasa delako.

Horren erakusgarri, egungo webgune guztiek eskaintzen diote erabiltzaileari elkarreragiteko aukera: iritzia emateko, sare sozialetan albiste/artikulu/argazkiak zabaltzeko edota edukiak sortzeko.

Plataforma ezagun asko daude Web 2.0 delakoaren baitan: Identi.ca, Wikipedia, Sustatu, Zuzeu... Erreminta horiek komunitatea ulertzeko modua aldatu dute bere zerbitzura jarri dira eta jakituria eta aberastasuna partekatuz.

Teknologia etengabeko eraldaketa prozesuan dago. Gure zerbitzura erreminta interesgarriak jartzen ditu, eta horietan sakondu behar dugu, ezagutza areagotu eta ahalik eta onura gehien atera. WEB 2.0k aukera hori ematen digu, eta aprobetxatzen jakin behar dugu. Azken finean, WEB 2.0 jarrera kontua delako.







 

domingo, 30 de octubre de 2011

Elpais.es web atariaren analisia eta hobetzeko proposamenak

El Pais kazetaren edizio digitala aztertzea izango dut helburu post honetan. Egunkari honen paperezko edizioa Espainiar estatuko egunkari generalistetan salduenetakoa  da, 424. 748 ale egunero eta "aro digital" deituriko honi nola egokitzen ari den kuriositateari erantzunez aukeratu dut komunikabide hau.
Elpais.com ataria estatuko hedabideen artean 13.postuan kokatzen da eta 140. lekuan, berriz, munduko rankingari begiratzen badiogu. Duela hiru hilabetetik hona bisitari kopurua apur bat jeitsi da baina duela urte beteko margena hartzen badugu bisitari kopuruak ez duela garapen handirik izan ohartuko gara. -Alexa neurgailutik ateratako datuak-. 
1996ko maiatzaren lauan El Pais estatuko bigarren egunkaria izan zen edizio online martxan jartzen – Kataluniako Avui izan zen lehena-. 2002an ordainpeko sistema bat jarri zuen abian web atariko eduki informatiboetan sartzeko, baina ez zuen arrakastarik izan. Bisita kopuruek nabarmen egin zuten behera eta elmundo.es bere aurkari nagusiak liderargoa kendu zion. Hau guztia dela eta, ideia hori bertan behera utzi zuten. Urte hartan eta bisitari kopuruen gerra horren baitan, elpais.com OJDtik suspenditu zuten lau hilabetez bisitari kopuruen datuak emateko orduan irregulartasunez aritzeagatik.


Gaur egun ere liderargo hori dela eta elpais.com eta elmundo.es atariek lehia itzela dute. Hori dela eta kazeta digitalen audietzien neurgailuekin ere gatazka dute emandako datuen arabera batzuek legitimatu edo gaitzezten dituztelako. elmundo.es-ek OJD Interactiva lehenesten du, elpais.com-ek berriz Nielsen.

Alexaren neurgailuaren datuetara itzultzen bagara, ohartuko gara zerbati kuriosoa gertatzen dela Espainiako rankingean elmundo.com gorago badago ere elpais.es-ek munduko rankingean irabazten dio. Prisa taldeko egunkariak Hego Ameriketara begira ere edizio bat duelako gertatu daiteke hau. Datuekin taula








Behin ziber-hedabide honetan zentratuta, eduki piloa dagoela konturatuko gara, bi hizkuntzetan gainera: gaztelaniaz eta ingelesez. Home pagean sartzen bagara berri garrantzitsuenak aurkituko ditugu. Goikaldean lau menu daude. Lehenengoan hedabidea osatzen duten sekzio ezberdinak aurkitzen ditugu –Nazioartea, Espainia, Kirolak, Ekonomia…- Bigarrenean informaziora sartzeko aukera autonomia erkidegoen araberam ematen du. Hirugarrenak, eduki multimediak eskaintzen ditu eta azkenak irakurleak parte hartzeko medio ezberdinak –RSS, Facebook, Twitter…- Gainera, homepage-aren goieneko zatian datarekin batera azken gaurkotzearen ordua agertzen da.


Horien ondoan bilatzailea dago, honek irizpide ezberdinen arabera bilatzeko aukera ematen du; data, formatua artxiboa ala argazkia izan, generoen arabera edota atalaren arabera erkidego autonomoa, paperezko edizioa edota azken ordua. Ingelesez edota googlen aurkitzeko aukera ere ematen du atariak.
Atal hipermedia aztertzerako orduan, produkzio propioak eta besteei hartutako ekoizpenak ezberdindu behar ditugu. Eurek egindakoak gutxienak dira. Horien ondoan argazki galerien atala eta atal grafikoa daude, azken hau, infografiak gordetzen dituena da. Bideo atalari dagokionez gutxi dira eurek egindakoak, nahiz eta Espainiar Estatuko Hauteskunde Orokorrak direla eta tendentzia honekin apurtu. Gainera, interesgarria iruditu zait “la voz de Iñaki” deituriko videobloga. Bertan, Iñaki Gabilondo kazetariak krisiaren inguruan Europako Batasunak hartutako neurriak azaltzen ditu. Beste ekoizpen propio batean, astero matematikako arazo bat azaltzen du irakasle edo matematikoarena da, asmatzen duen irakurleak sari bat eramaten du.







Ziber hedabidea irakurtzeko orduan albisteak modu hierarkikoan daudela konturatuko gara. Bakoitza bere titular eta sarrerarekin baita idatzi duen kazetariaren izenarekin ere. Titularrean klikatzen badugu albistea irakurriko dugu bere osotasunean, autorearen izenean klik eginez gero, berak idatzitako informazio guztia ikusiko dugu.Horrez gain, egun hauetan Hauteskunde Orokorren inguruko jarraipen berezi bat egiten ari dira. 
Elpais.com-ek erreportaje berezien atal berezi bat ere badu, bertan formatu ezberdinak uztartzen ditu, audioak, bideoak, testuak eta argazkiak. Gai ezberdinen ingurukoak dira baina asko dira artearen arlokoak “El Cigala”-ren berezi bat ikus dezakegu baita “Cirque du Soleil”-ena ere. Azken honetan lehiaketa bat ere eskeintzen dute, ikuskizunerako sarrerak lortzeko.


Hierarkia hau mozteko modu bakarra azken ordukoak dira web-aren goialdean kokatzen direlako. Baina elpais.com-ek baditu beste hainbat aukera azken ordukoak zabaltzeko. Batetik, scup lehiatila bat dute atarian txertatuta “Ultima hora deiturikoa”. Bertan, kazetariek azken ordukoak modu laburrean kontatzen dituzte, batzuetan argazki batez lagundurik. RSS, helbide elektroniko,facebook eta twitter ere erabiltzen ditu azken ordukoak helarazteko.
Ordenagailutik izan beharrean, mugikorretik edo tableta elektronikotatik kontsumitu nahi badugu ziber-hedabidea horretarako aukera ematen digu baita PSP-aren bitartez irakurtzekoa ere.









Elpais.com-ek hemeroteka zerbitzu ona ematen du aurreko egunetako paperezko edizioa bai eta onlineko edizioa eskaintzen bait ditu. Paperezko edizioa jartzen duen pestañara joz gero, aurreko egunean egunkari fisikoan agertzen diren albiste nagusiak aterako zaizkigu gaika bai eta biñetak eta beste zenbait informazio ere. Dena den, egunkaria pdf formatuan jaso nahi bada harpidedun egin behar zara.
Hedabide honek erresgistratzeko aukera ematen die bere irakurleei batez ere euren ustez horrek hiru onura ekarriko dielako erabiltzaleei: eguneko titular garrantzitsuenak jaso, blog bat izateko aukera eta eskupera konektatu ahal izateko posibilitatea.
Publizitatearen protagonismoa atarian handia da. Zenbaitetan orrira sartu nahi baduzu aurretik publizitatea duen lehio bat itxi behar duzu homepage-an sartzeko. Behin atarian sartuta ere fondo bezala publizitatea du baita zeinbat albistetik behin ere. Produktuak modu askotarikoak dira banketxeetako iragarkiak, telefonía konpainienak, supermerkatuenak, bizarra mozteko makina…



Interaktibotasuna eta parte-hartzea sustatzeko erramintei dagokionez. Blogak dira agian atari honen apustu indartsuenetarikoak, izan ere, tematika ezberdinetako kolaboratzaile askok hartzen dute parte. Bidaiei buruzkoak daude baita estatuko zein nazioarteko politikari buruzko blogak, ekonomiaren ingurukoak, modari buruzkoak… Esteka honetan daude ziber hedabide honetako blog guztiak:
Web 2.0 herramientak oso presente daude ziber hedabide honetan, izan ere, albiste guztiak partekatu ditzakezu Twitter, Facebook, Tuenti, Google + plataformen bitartez. Horretaz gain, informazioa komentatu dezakezu bertan baita bozkatu ere. Horrez gain, inprimitu eta e-postaz bidaltzea baimentzen du baita estatistika ikustea ere ea zenbat aldiz irakurria izan den, zein ordutan…
HOBETU DAITEZKEEN ATALAK
Elpais.com-en estrategiaren baitan, multimedia arloa indartzea iruditzen zait garrantzitsuena. Ekoizpen propio gehiago egin behar ditu horrela bere lehiakireen artean ezberdina izateko eta batez ere elmundo.es-etaz diferentziatzeko-.
Agian iragarkien presentzia handia ere nekagarria izan daiteke baina hau ez dirudi erraza izango denik aldatzea, finantzatzeko beste modurik aurkitu ezean eta interneten erabiltzailea ezer ordaintzeko prest ez dagoenez zaila dirudi konponbideak.
Horrez gain, nabigazio argiagoa jarriko nukeen batez ere adinekoak eta sarera ohitu gabe dauden irakurleentzat. Hala ere, punto honen zailtasunaz ere jabetuta nago izan ere, ez da erreza hainbeste informazio, zerbitzu eta produktu dituen web orria antolatzea.





 

viernes, 14 de octubre de 2011

Planned obsolence (kontzeptu interesgarria)

Nahiz eta teknologia gero eta aurreratuagoa izan produktuak gero eta lehenago hondatzen dira. Zein da horren arrazoia? “Merkatuaren” interesetan aurkitzen dugu erantzuna.

PLANNED OBSOLENCE."Comprar, tirar, comprar" dokumentalak askorentzat kontzeptu berri bat dena azaltzen du: zaharkitze planeatua. Horren arabera, produktuak sortu ahala zahartu eta izorratzeko programatuta daude modu horretan kontsumoa igotzeko.

Honako hauek dira dokumentalak jarritako adibideak.

Sekretuan mantendu nahi izan duten historia hau bonbilekin hasi zen,1924an Phoebus izeneko kartel bat osatu zuten Philips, Osram eta Lamparas Z konpainiek. Euren helburua argia zen 2500 ordu irauten zuten bonbillak 1000 ordutara jeitsi behar zuen. Agindua betetzen ez zutenek isun bat jasotzen zuten. 1932an helburua betea zuen Phoebusek.

1940an Dupont enpresak zuntz irauntzaile bat sortu zuen: nailona. Material horrekin egindako mediak arruntak baino gogorragoak ziren eta zailagoa zen haiek apurtzea. Hala ere, konpainiaren buruek nailona asmatu zuen ingieneroari atzera egiteko esan zien salmentek behera egingo zutelakoan.

Azken adibidea gertuagokoa da; Ipodeko baterien “affeira”. Hasiera batean, 18 hilabete irauten zuen bateriak eta haiek pasatzean berria bat erosi behar zuten erabiltzaileek Applek ez zuelako ordezko baten zerbitzua ematen. Bezero talde batek enpresa salatu eta epaiketa irabazi zuten frogatuta geratu baitzen bateria epe jakin baten ondoren hondatzeko eginda zegoela. Horren ondoren 2 urtera luzatu zuten bateriaren bizia.
Derrigorrezkoa izan beharko luke dokumental hau ikustea, hemen aurrerapen bat.

 

miércoles, 12 de octubre de 2011

Sare sozialak langileak aukeratzeko

Estatu espainiarreko enpresen %48ak erabiltzen du hautaketa prozesuetan.

Web 2.0ak errotik aldatu du langileak hautatzeko modua. Konpainiek gaur egun tresna berri bat dute euren beharretara ondoen egokitzen diren perfilak aurkitzeko. Facebook, Twitter edo LinkedIn bezalako sare sozialak erabiltzen dituzte hautagaien ingurua, harremanak, izaera edota gaurkotasuna duten gaien inguruan zer pentsatzen duten jakiteko. Eta ez dira gutxi metodo hau erabili dutenak, Manuel Muñoz HL Arrubla kontsultorako zuzendariaren arabera, estatu espainiarreko enpresen %48ak erabiltzen du. Ehuneko hauek altuagoak dira Alemania eta AEBren kasuan, %65 eta %80 hurrenez hurren.

Facebook-ek gai honetan ere ez du nahi atzean geratu eta jadanik aplikazio berri bat sortu du "Professionals" izenekoa lan perfil bat eratu, curriculuma sartu eta argazki independenteak igotzeko





  

lunes, 10 de octubre de 2011

Blackberryaren erabiltzaileak intenetik gabe geratu dira

Smartphone ezagun honen bezeroak sarera sartzeko arazoak izan dituzte Europan, Afrikan eta Ekialde Hurbilean gaur goizeko hamaikak geroztik.

Hasiera batean erabiltzaileak argibide eske mugikor honen zerbitzuak eskeintzen dituen operadoretara -Vodafone, Movistar eta Orange- joan dira. Dena den, Blackberry konpainiak arratsaldeko lauretan bere arazoa dela aitortu du Twitter bidez (@BlackBerryEsp) .Sortutako "eragozpenegatik" barkamena eskatu du konpainiak, arazoaren jatorria aipatu gabe.




 

Auguste Rodinen zazpi eskultura izango dira ikusgai Gasteizen

Auguste Rodin (Paris, 1840 - Meudon,1917) eskultorearen lanak ikusteko aukera izango du Gasteizko Andra Mariaren plazara hurbiltzen denak gaurtik hasi eta azaroaren 24a bitartean.  Erakusketa zazpi eskulturak osatzen dute, tartean "Pentsalaria" izeneko obra ezaguna. Lan hau Dante Aligheri poetan oinarrituta dago. Gainerako beste seiak berriz, Ingalaterrako Eduardo IIInak Ehun urteko Gerraren ondoren exekutat zituen sei gizonen irudiak dira. Hiltzera zihoazen aurreko momentua aukeratu zuen Rodinek hori dela eta triste eta etsita erakusten ditu.



 
Gasteizko Udala eta La Caixako Gizarte Ekintzak elkarlanean antolatutako erakusketa da "Artea Kalean" izeneko programaren baitan. Rodin bera ere horregatik izan zen aintzindari bere garaian, disziplina hutsa bihurtzen ari zena berriz ere espazio publikora ateratzeagatik.