Páginas

viernes, 16 de diciembre de 2011

Uztarria.com: Azpeitiako agora digitala eta euskararen normalkuntzarako tresna interneten

Azpeitian hamarretik bederatzi herritar elebidunak dira. Kopuru garrantzitsua da ezbairik gabe eta esan dezakegu euskara indartsua dela herrian. Hala ere, ezin dezakegu ahaztu Uztarria ez balitz azpeitiarrek ez luketela herrian gertatzen denaren berri euskaraz jasotzeko aukerarik izango.

Uztarriak bi euskarritan plazaratzen ditu bere edukiak. Alde batetik, 1999ko azaroaz geroztik, hilabetero ateratzen du aldizkaria paperean eta bestetik, 2002aren hasieran martxan jarritako web ataria du.



Uztarria.com atarian jarriko dut arreta euskarazko komunikabide digital eta multimediak aztertzen ari garelako. Web atari honek herritarrrei zerbitzu osoa eman nahi die eta horretarako edukiak bi zutabetan oinarritzen ditu: informazioa eta iritzia.


Informazioari dagokionez, albisteez gain beste hainbat gauzaz ere informatzen du: agenda, komertzio gida, farmaziak...Gainera herriko gainerako eragileekin elkarlanean dago eta hauentzat ere plataforma bat da. Guzti hau euskara hutsean egiten du eta horri esker irakurleak ez du beste hizkuntza batera pasatu beharrik informazioa topatu nahi duenean.

Iritziari dagokionez, Uztarria iritzia plazaratzeko ohikoa bihurtu dela esan dezakegu herriko eztabaidetan. Herrian polemika gehien sortzen duten albisteek iruzkin asko izaten dituzte sarean. Beraz, uztarria.com Azpeitiako beste plaza bat bihurtu da unibertso digitalean eta bere gertutasunak irakurleak eruren iritziak ematera bultzatzen ditu okindegian ala tabernan baleude bezala.

Gainera, herritar askok parte hartzea bermatuta dago hedabidearen blog komunitate indartsuaren bidez. Pertsonalak zein taldekoak izan daitezke blogak. Taldeei dagokionez elkarteak dira eurak kudeatzen dituztenak gehienetan: Gaztetxea, Xanjuandegiko auzo elkartea...



Horrez gain, online dagoen "agora" moduan funtzionatzen duela egiaztatzen duen iragarkien txokoa ere aipatu behar dugu. Bertan herritarrek arlo ezberdinetako kontuak komunikatzen dituzte: lana eskeintzen dutela, kotxea partekatu nahi dutela, diru-zorroa galdu zaiela...

Izan ere, herritarre parte hartzea da uztarri.com-ek saretik gehien aprobetxatu duen baliabidea. Interneteko produktuek berezkoak dituzten gainerako baliabideak; multimediatasuna edota hipertestua ez ditu gehiegi erabiltzen. Horrez gain, ez dago guztiz errotuta sare sozialetan. Hala ere, badu horma Facebooken eta baita perfila ere Twitterren. Hedabideak gainera, webgunean pisu gehiago jarri eta 2011ko dituen asmoei begira "duela zortzi urte sortutako ataria berritzeko garaia" dela aitortzen du.



Eduki guztietan euskara batua erabiltzen dute. Euskara jatorra da, hiztegi zabalekoa, zuzena eta zahar eta gazte guztiek ulertzeko modukoa. Idazteko formari dagokionez interneti dagokion edukien eskakizunak betetzen ditu :
  • - Testu ez oso luzeak.
  • - Esaldi motzak.
  • - Izenburu deigarriak.

Hauek dira erabilitako ezaugarri nagusiak baina badira beste batzuk ere. Elkarrizketetan esaterako, gertutasuna transmititzeko oso ohikoa da hitanoa.

Horrez gain, bada hizkuntzari buruz aipatu nahi nukeen beste puntu bat. Azpeitiarrek badute oso eurena den hizkera mota bat. Uztarriak hizkera hori erabiltzen du bere izenburuan “Azpeitiko ataye” eta baita datan ere “2011ko abenduek 11, jaiye”. Horrek gertutasuna eta naturaltasuna ematen dio hedabideari. Aipatutako hizkera da, bestalde, irakurle gehienek euren iritzia ematerako orduan erabiltzen dutena. Aurretik esandakoa areagotzen du honek, herritarrek euren usteak plazaratzean aurrez aurre hitz egiten baleude bezala idazten dute. Dena den, Uztarriako kideek irakurle hauekin feed back-a egiten badute euskara batuan egiten dute.


Uztarria.com atariak, beraz, azpeitiarrei prentsa euskalduna kontsumitzeko aukera ematen die modu naturalean, gertutasuna ardatz eta maiztasun batekin. Kontsumitu ez ezik, parte hartzeko aukera ere ematen die unibertso digitalean Azpeitiako plaza bihurtuz, Hau guztia, Maialen Lujanbioren hitzak aprobetxatuz "euskaratik eta euskaraz".

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario